
Bilboko eta itsasadarreko euskaltzaleek telebista digitalean euskarari dagokion zatia eskatu dute.
Iñigo Bilbao.
2006ko maiatzak 19an, BERRIA egunkarian.
Aspaldiko asmo hutsa premia bihurtu zaie Bilbon eta itsasadarraren bazter bietako eskualdeetan bizi diren euskaltzaleei: euskarazko telebista. Aro digitalak baliabide eta aukera berriak eskaintzen dizkie eta jakin dute Eusko Jaurlaritzak tokiko telebistak arautuko dituen dekretua iragarri duela. Egokierak euskaltzaleen premiak elikatu ditu. Euskaltzaleak elkartu egin dira, eta Ibaizabal izeneko ekimena sortu dute, Bilbon eta itsasadarraren inguruko udalerrietan euskaraz jardungo duen telebista proiektua sustatzeko.
Hiriburuan agerraldia egin dute. Sustatzaileek euren asmoen berri eman dute, eta euskaltzale andanak babesa adierazi die. Mezua berehalakoa, eta argia: «Euskarazko telebista behar dugu, euskarazko telebista gura dugu, eta horretara ailegatzeko borondatea erakutsi gura dugu».
Euskaltzaleen ezinegonak ondo errotutako sustraiak ditu. Orain arte, ez da egon sektorea arautu duen legerik. Hutsunea baliatuz, lekuan lekuko hainbat telebista sortu da aspaldi Bilbon bertan, bai eta inguruko herrietan ere. Guztietan gaztelania da nagusi, ez bada erabiltzen duten hizkuntza bakarra. Jaurlaritzaren iragarpenak asmoak hauspotu dizkie, batu, elkartu, lanean hasi eta egitasmoa biribiltzeraino.
Hiru kazetarik aurkeztu dute ekimena: Goizalde Landabasok (Euskadi irratia), Josi Basterretxeak (EHUko irakaslea) eta Gotzon Hermosillak (BERRIA). Landabasok azaldu du dekretua argitaratzeaz batera agintariek prozesu bat jarriko dutela abian. Bidea egindakoan, etxeetan oraindik telebista kate gehiago ikusiko dira. Aukera ikusi dute euskaltzaleek. «Ez dugu nahi euskara aukera berri horretatik kanpo geratzerik».
BILBOKO EUSKALDUNAK. Jaurlaritzak atera duen dekretu zirriborroan, hainbat eskualdetan banatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Bizkaiko mendebalean, Jaurlaritzaren egitasmoan Bilbo, Barakaldo eta Getxo legez izendatzen diren hiru eskualdeetan, 146.188 euskaldun bizi direla gogoratu dute. «Kopuru horri euskarazko telebista ikusteko gauza diren ia-euskaldunak gehitzen badizkiogu, denetara 378.418 lagun dira telebistaren bidez hemengo berri euskaraz jaso dezaketenak, hau da, herritarren %42,90. Ez da, gero, kopuru makala».
Telebista horrek hartuko lukeen eremua ere ez da txantxetakoa. Ezin da ahaztu Jaurlaritzak Bilbo, Barakaldo eta Getxo legez izendatu duen eremu horrek, hiriburua ez ezik, Ezkerraldeko lau herriak, Meatzalde osoa, Basauri, Galdakao, Enkarterri eta Uribe Kostako udalerriak hartuko lituzkeela.
«Horregatik, geuk ere hurreko informazioa euskaraz jaso gura dugulako, lehenengo pausoa ematea erabaki dugu, eta gizarteari dei egin gura diogu, oraingoz egitasmoa baino ez den Bilboko euskarazko telebistaren inguruan borondateak batu eta laster errealitate eder bilaka dezagun».
Asmoak asmo, balizko telebista euskaldun hori nolakoa izan daitekeen ere iragarri dute: «Estilo propioa izango duena; hemen bizi garen guztion ezaugarriak aintzat hartuko dituena; zabala, askotarikoa, dinamikoa eta serioa; modernoa eta solidarioa; geure inguru urbanoari neurria hartuko diona eta, era berean, euskararen herriaren lurralde osoa aintzat hartuko duena; eta gainerako eskualdeetako euskarazko telebistentzat lagungarri eta, ahal dela, eredugarri».
Lehenengo pausoa eman dute. Orain Ibaizabalen aldeko babesak biderkatu nahi dituzte, den-dena eurek marraztu legez ateraz gero bi edo hiru urte barru bizkaitar gehienen etxeetan ikusi ahal izango den telebista egin ahal izateko.
SUSTATZAILEAK
Ibaizabal taldea, Bilbo eta itsasadarraren inguruko udalerrietarako euskarazko telebista egiteko asmoa duen taldea, ez da umezurtz jaio. Ekimena aurkezteko hiriburuan egin duten agerraldian, sustatzaile eta babesle andana agertu dira asmo euskaltzale horiek muturreraino eramateko prest.
JOSU AMEZAGA. EHUko irakaslea.
JOSE MARIA ARRATE. Athleticeko lehendakari ohia.
JOSEBA BARANDIARAN. Ekonomiako aditua.
JOSI BASTERRETXEA. EHUko irakaslea.
EDURNE BROUARD. Bilboko AEK-ko kide eta Korrikaren arduraduna.
JESUS EGUSKITZA. Edertrack ekoizpen etxeko kidea.
IGOR ESTANKONA. Idazlea.
TEO ETXABURU. Zenbat Gara elkarteko kidea.
EVA FERREIRA. Athleticeko jokalaria.
KEPA GALLEGO. Aktorea.
GOTZON GARATE. Idazle eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.
IKERNE GOIKOETXEA. Aktorea.
GOTZON HERMOSILLA. BERRIAren Bizkaiko ordezkaritzako burua.
JULIO IBARRA. Kazetari eta Metro Bilbaoko komunikazio zuzendaria.
JOSE ANGEL IRIBAR. Euskadiko futbol taldeko hautatzaile eta Athleticeko zuzendaritza batzako albokoa.
KEPA JUNKERA. Musikaria.
GOIZALDE LANDABASO. Euskadi irratiko kazetaria.
MIREN AGUR MEABE. Idazlea.
TXUMA MURUGARREN. Musikaria.
IRKUS ROBLES. Margolari, eskultore eta Aste Nagusiko pregoilari izandakoa.
ANDRES URRUTIA. Euskaltzainburu eta notarioa.
BEGOÑA VICARIO. EHUko irakasle eta zinemagilea.