Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkartea


· 2006/X/4 BERRIA

entxufie1.jpg 

Aurreikuspenak betetzen badituzte, 2008an hasiko dira emititzen lehenengo tokiko telebista digitalak.

2006ko urriak 4.

BERRIA. Estitxu Ugarte

Epeak betez gero, 2008. urtean jarriko dira martxan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehenbiziko tokiko telebista digitalak. Eusko Jaurlaritzak onartu berri du telebista sare hori arautuko duen dekretua, eta aurreikuspenen arabera, azaroan lehiaketaren oinarriak onartuko dituzte. Lizentzia eskatu nahi dutenek 90 egun natural izango dituzte horretarako; Jaurlaritzak sei hilabeteko epean hartuko du erabakia. Baimenak eman ostean, 18 hilabeteko epea izango dute kudeatzaileek emisioak hasteko. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak atzo goizean onartu zuen tokiko telebista digitalaren lizentzia banaketa aratuko duen dekretua. Jaurlaritzaren Kultura sailburu Miren Azkaratek azaldu zuenez, hiru helburu nagusi jasotzen ditu onarturiko dekretuak, eta horiei heldu beharko diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan telebistak kudeatu nahi dituzten enpresa eta administrazio publikoek.

EUSKARA HUTSEZ. Sailburuak atzo azaldu zuenez, euskarazko produkzioa lehenestea da telebista operadoreek jarraitu beharreko irizpide nagusietako bat. Hortaz, esleipena egiterakoan operadore guztiek euskararen gutxieneko derrigorrezko eskaintza egin beharko dute, barruti bakoitzean dagoen euskaldunen ehunekoaren arabera. Dena dela, gutxienekoa ezartzeko irizpide ezberdina ezarri dute udalen kasuan eta operadore pribatuen kasuan. Hartara, udalek kudeatutako telebistetan euskarazko gutxieneko eskaintzak %50ekoa izan beharko du, eta operadore pribatuen kasuan, %20koa. Bistan denez, dekretuak ez du ziurtatzen eskualde bakoitzean euskara hutsezko kateak egongo direnik. Eta hori da, hain zuzen, euskalgintzan aritzen diren hainbat eragileen azken hilabeteotako eskaera nagusia. Izan ere, egoera horri aurre egiteko eta eskualde guztietan tokiko euskarazko telebistak sortzeko sortu da Hamaika Telebista. Kezka horren harira, Kultura sailburuak atzo azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak beste neurri bat ezarri duela barruti bakoitzean nagusiki euskaraz emitituko duen kate bat izatea bermatzeko. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barrutiren batean produkzioaren%50 baino gehiago euskaraz eskaintzen duen operadorerik ez badago, kate bat esleitu gabe utziko du Jaurlaritzak, eta euskarazko eskaintza lortzeko aukera dagoenean lehiaketan aterako du. Azkarateren aburuz, aldaketa «ausarta» izan da hori, eta hainbat eragilek azaldutako kezkari erantzun nahi izan dio. Hortik aurrera, Azkaratek adierazi zuenez, eskatutako euskararen ehunekoa gainditzen duten operadoreak lehenetsiko dira, eta, bereziki, euskara hutsezko emisioak egiten dituztenak. Bestetik, eta hizkuntza irizpidearekin batera, telebista digitalaren gertutasuna eta tokiko informazioa eskaintzea kontuan hartuko direla aipatu zuen atzo Azkaratek. «Gertuko informazioa eman beharko dute telebista digitalek, herrialdean, eskualdean, zer gertatzen den zabaldu; beste telebista kateek nekez emango duten informazioa eskaini».

SINDIKATZEA. Halaber, eduki propioak lantzeko beharra nabarmendu zuen Kultura sailburuak. Izan ere, dekretuak sareak eratzea debekatzen du, eta sarean programazioaren %25 besterik ezin izango dute eskaini telebista kateek. Nolanahi ere, eduki propioen alorrean izan da aldaketarik. Hala, telebista kateek elkarlanean, sindikatzean, lan egitea onartu da. Hortaz, programazio orokorraren %40 era horretan ekoiztu ahal izango dute kudeatzaile pribatuek. Udalek eta euskararen gutxieneko eskaintzetatik gora egiten duten kateek, berriz, programazioaren %60 sindikatuta landu dezakete. «Horrek aukera ematen die indarrak batzeko».

Comments Off