BILBO HANDIAN ERE EUSKARAZKO TELEBISTA NAHI DUTE
Hemendik urte eta erdira Bilbo eta bere ingururako egon daitekeen tokiko telebista euskaldun bakarra izan daiteke Ibaizabal-Mendebalde. Izen bereko kultur elkartea buru-belarri dabil horretarako lanean. Mirari Martiarena.Tokiko Lurreko Telebista Digitalen lizentzia banaketen dekretua aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak 2006. urtean. Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko telebistak arautzen ditu. Horrela, EAE hamabost eskualde desberdinetan banatzen du. Eskualde horietatik zazpi Bizkaian egongo dira, sei Gipuzkoan eta bi Araban. Jaurlaritzak eskualde bakoitzeko lau lizentzia banatuko ditu.
Hori horrela izanik, Bilboko eta Bilbo inguruko lagun talde bat biltzen hasi zen iaz. Ibaizabal-Mendebalde kultur elkartea izena hartu zuten, eta tokiko euskarazko telebistaren aldeko taldea bihurtu zen, derrigorrezkoa ikusten baitzuten Bilbon euskara hutsean eginiko telebista baten presentzia. Une honetan elkarte hori hainbat bazkide eta kolaboratzailek osatzen dute, besteak beste, Bilboko Kafe Antzokia, Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkartea, AEK, Gabriel Aresti euskaltegia, Bilboko zenbait konpartsa, Bilbo Zaharra euskaltegia… Lizentzia lortzen saiatzea da talde honen helburua, eta euren proiektua Bizkaiko zazpi eskualdeetatik lautan aurkeztu dute: Bilbo Hiria, Ezkerraldea, Eskuin Ibarra eta Txorierri eskualdeetan, hain zuzen ere.
Borondatez beteriko talde bat ari da Ibaizabal-Mendebalde elkartean lanean; biltzen hasi zirenean tokiko telebista euskaldun batek bete beharreko xedeak markatu zituzten. Lan horretan zebiltzala, Gipuzkoa aldean lanean ari den Hamaika taldearen berri izan zuten; bi taldeek helburu berdintsuak zituztela ikusita, elkarlanari ekin zioten.
Gaur egun Bilbo inguruan dauden tokiko telebista guztiak gaztelaniazkoak dira, baita lizentzia banaketa honetara aurkeztu diren gehienak ere. Baina Ibaizabal-Mendebalderen helburua ez da dauden gaztelaniazko telebistak euskalduntzea. Beraiek bertako euskarazko telebista nahi dute, berezko programazioarekin eta ehuneko ehunean euskalduna.
Telebista honen ezaugarririk azpimarragarrienak, beraz, hauek izango lirateke: euskara hutsezkoa; behetik gora egindakoa, populazioaren parte-hartzea indartuz eta tokiko errealitatean murgilduta; herritarra eta erreferentziala euskara dakiten eta ikasten ari direnentzat; tresna pedagogiko eta hezigarritzat ulertuta; Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetako euskarazko komunikabideekin elkarlanean jardungo duena; eta guztiz zabala zein dinamikoa programazioaren edukietan.
Dekretu berriaren arabera, telebista guztiek lau ordu eta erdiko berezko programazioa izan beharko dute. Aipatu bezala, Ibaizabal-Mendebalde taldeak euskara hutsezko programazioa egingo du. Eta Hamaika taldearekin duten elkarlana aprobetxatuz, programen trukea egingo dute. Izan ere, tokiko telebista batentzat izugarrizko lana litzateke lau ordu eta erdiko berezko programazioa izatea. Trukerako baliatuko diren produktu edo programak Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban berdin eman daitezkeenak izango dira.
Erronka handia da Bilboko talde honek esku artean duena, baina beraien esanetan, ez diote beldurrik. Euskarazko telebista bat izateaz gain, telebista serio eta duina ere egin nahi dute, tokian tokiko errealitatea islatuko duena, Bilbo Handiko “asfaltozko errealitatean” oinarritua hain zuzen ere, bertan, talde guztiek ahotsa eta irudia izan ditzaten.
Ibaizabal-Mendebalde telebistak ez du inondik inora “kate handiekin” norgehiagoka aritzeko inolako asmorik. Kalitatezko programazioa bermatu, eta Bilbo Handiko biztanleei bideak eman nahi dizkiete eragile aktibo senti daitezen. Azken batean, “behetik gora zuzendutako telebista” egin nahi dutela diote Ibaizabal-Mendebalde taldeko kideek, “kalea zapaltzen duena, errealitatearekin bat egiten duena eta gaurkotasunean bizi dena, ez bulego batean egiten den telebista bat”.
Hasierako lan taldea finkatzen joan zenez, Ibaizabal-Mendebalde telebistaren aldeko taldeak aurkezpen ofiziala egin zuen Bilboko Kafe Antzokian, arlo desberdinetako ezagun askoren atxikimendua jasorik. Telebista honen berri emateko ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Horien artean, Korrika 15 Bilbotik pasa zenean egin zutena, “Tokiko euskarazko telebista badator!!!” lelopean.
Martxoaren 23an bukatu zen tokiko lurreko telebista digitalen lizentzia banaketara aurkezteko epea, eta Ibaizabal-Mendebalde Kultur Elkarteak ordurako aurkeztu zuen bere telebistaren proiektua. Lizentzia lortuz gero, 2009. urteko martxoan hasiko litzateke emititzen. Orain itxoin besterik ez dago, itxaropentsu, jakiteko Bilbo Handiak tokiko telebista euskalduna izango duenentz.
