
| Bilbo Handirako euskarazko telebista kudeatu asmoz enpresa berria sortu da |
| Hamaika eta Ibaizabal Kultur Elkartearen eskutik jaio da proiektu berri hau |
| Arantzazu Duran Bilbo |
| Hamaika eta Ibaizabal Kultur Elkartearen eskutik, Bilbo HandiaIkusentzunezkoa S. A. enpresa berria sortu da Bilbo Handirako euskarazko telebista kudeatzeko asmoz.Horrela adierazi zuten atzo bi elkarteetako bozeramaileek Bilbon egindako agerraldian. Hamaikak zein Ibaizabalek, bakoitza bere esparrutik begiratuta, helburuetan bat egiten dutenez, indarrak metatzea eta lan praktikoan ere jauzi bat egitea erabaki dute enpresa berri hau sortuz, ondorengo eskualde hauetan telebista berri honen emisioak zabaltzeko: Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribeko zonalde zabal bat, Basauri, Arrigorriaga eta Galdakao.
Eusko Jaurlaritzak ebatzitako 190/2006 Dekretuan oinarrituta, Euskal Elkarte Autonomoan hamabost demarkazio edo eremu zehazten dira, bakoitzerako lau lizentzia lehian emango direlarik. Xede horretarako, Hamaika osatzen duten partaideek (DEIA, “Diario de Noticias”, “Berria”, “Gara”, “Le Journal du Pays Basque”, Euskaltel, Bainet eta Elkar) tokiko euskarazko telebistak antolatzeko zenbait urrats eman dituzte. Halaber, orain dela urte bat, Bilbon eta inguruko eskualdeetan euskarazko telebista bat eratzeko beharra ikusten zuten hainbat talde, eragile eta profesionalek, Ibaizabal Kultur Elkartea sortu zuten. Egun hainbat bazkide eta kolaboratzailek osatzen dute elkartea, besteak beste, Bilboko Kafe Antzokia, Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkartea, AEK, Gabriel Aresti euskaltegia, Bilboko zenbait konpartsa, Bilbo Zaharra euskaltegia… Sortu nahi den telebistaren ardatzak honako hauek izango lirateke arduradunen irudiko: euskara hutsezkoa; behetik gora eginda populazioaren parte hartzea indartzea eta tokiko errealitatean murgilduta egotea; herritarra eta erreferentziala euskara dakiten eta ikasten ari direnentzat; pedagogiko eta hezitzaile tresnatzat ulertua; Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetako euskarazko komunikabideekin elkarlanean jardungo duena eta zabala eta dinamikoa edukietan. Emititu ahal izateko, lehenik eta behin, lehiaketa publikoan aurkeztu behar da eta lizentzia lortu, «baina gure baikortasuna erabatekoa da aurkezten den euskara hutsezko telebista bakarra lizentziarik gabe geldi-tzea pentsaezina izango litzake eta». Telebista honek beteko duen funtzio linguistikoaz gain, kontuan hartu beharreko bi arlo zehaztu behar dira: alde batetik, bideragarritasun ekonomia-plana zein arlo teknikoari dagokiona «bikainak dira, erabat lehiakor bihurtuz»; eta bestetik, egitasmo honetan arituko diren profesionalek eta arlo ezberdinetako eragileek (hezkuntza, kultura, merkataritza, kirola, eta abarrekoek) telebistaren kalitatea zein herritarren parte hartzea ziurtatuko dute. Datorren martxoaren 23an, Eusko Jaurlaritzan proposamenak aurkezteko epea agortuko denez, jadanik hainbat bilera ospatu dira azkeneneko xehetasunak sar-tzeko aurkeztu beharreko txostenean. Bide horretan, Bizkaiko hainbat agente erreferentzialekin informazio eta hartu-eman dinamika bat sortu da, hala nola, Bizkaiko Ikastolen Federazioa, Athletic Club, Deustuko Unibertsitatea, UPV-EHU eta Abokatuen Elkargoa, besteak beste. |