
ENPRESA BAT SORTU DUTE, BILBON EUSKARAZKO TELEBISTA SORTZEKO
erredakzioa. Bilbo
Hamaikak eta Ibaizabal Kultur Elkarteak enpresa bat sortu dute Bilbo aldean euskarazko telebista martxan jarri eta kudeatzeko asmoz: Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A. Eusko Jaurlaritzaren 190/2006 dekretuan oinarrituta, 15 gune zehazten dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta leku bakoitzean lau baimen ipini dituzte lehian. Hain zuzen, lizentzia bat eskuratzeko xedez parte hartuko du lehiaketa publikoan.
Hamaikak hainbat pauso eman ditu tokiko telebistak bultzatze aldera. Bestalde, Ibaizabal Kultur Elkarteak ere euskarazko telebista bultzatzeko beharra ikusten zuen aspaldi Bilbo aldean. Horiek horrela, bi erakundeek indarrak biltzea erabaki dute, eta Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A. sortu dute. Telebista horrek emisioa zabalduko du Bilbo, Ezkerralde, Enkarterri, Uribe-Kosta, Txorierri, Mungialde, Hego Uribe, Basauri, Arrigorriaga eta Galdakaora. Telebista, euskarazkoa izateaz gain, parte-hartzailea ere izango da, tokiko egoeran murgildua eta pedagogikoa.