Filed under: Uncategorized
IBAIZABAL MENDEBALDE Kultur Elkartea

Ibaizabal Mendebalde Bilboko Herri telebista proiektuaren izena da. Proiektua batzorde eragile iraunkor eta zabal batek osatzen du eta tokiko telebista moderno eta solidarioa, dinamiko eta serioa, zabala eta askotarikoa sortu nahi da, Bilbo handian bizi direnen ezaugarriak aintzat hartuko dituena hain zuzen.
Era berean, kultur elkarte honek HAMAIKA proiektua ( Bainet -K. Argiñano-, Cmntv – Deia-, EKHE, Le Journal/ Gara, EKT -Berria-, Elkar, Euskaltel) osatzeko bidea irekitzen du izan ere, enpresa hori IBAIZABAL- MENDEBALDEren ildo berean kokatu behar da, helburu, filosofia eta printzipioetan bat egiten dutelako eta egun, beharrezkoa ikusten delako nazio mailako proiektu hori osatuko duen tokiko telebista bat eratzea.
Beraz, Bilbo eta inguruko lurraldetarako banatuko diren lizentzietarako egingo den lehiaketara bi taldeen artean sortutako enpresa bakar bat aurkeztuko da.
Bilbo Handia deituko den eskualdeak beraz, Bilbo, Ibar Ezkerra, Eskuin aldea eta Enkarterriak hartzen ditu bere gain. Bertan 160.000 euskaldun inguru bizi dira; kopuru horri euskara ikasten dihardutenak edo euskararen mundura hurbildu direnak gehituz gero ia 400.000 lagun batzen dira tokiko telebista hura jarraitzeko gai.Telebistak gutxienezko oinarri eta ezaugarri batzuk ditu:
-
EUSKARAREN MUNDUKO TELEBISTA HIRITARRA. Bilbo Handiko errealitate “asfaltikoan” oinarritutako telebista, hau da, eskualde honetako euskaldun zein ia—euskaldunek zer nolako euskara erabiltzen duten, zein testuingurutan mugitzen diren eta abar kontuan hartuta, kalitatezko telebista hurbila.
-
ZABALA. Talde eta kolektibo guztiek hitza eta irudia izango dute ( etorkinak, auzoak, ahotsik gabeko lagun asko..)
-
AURRERAKOIA. Telebista dinamiko bat sortu nahi den heinean, gizartean ager daitezkeen justiziazko eta askatasunezko aldarrikapenekin bat egingo luke.
-
NAZIO IKUSPEGIA. Bilbo Handiko telebista, telebista eredugarria bilakatu nahi da: inguruko herritarren beharrizanei erantzungo dio eta era berean, Euskal Herriko gainontzeko eskualde eta herrialdeetan eragin mediatikoa izango du.
-
ELKARLANA. Beste komunikabide, talde zein pertsonekiko elkarlana bultzatuko du, parteen arteko errespetuan oinarriturik.
-
BILBOKO EUSKALDUNEN ISLA. Bilbo Handiko euskararen mundurako baliagarria izango den telebista eratuko da.
-
ESTILO PROPIOA. Inork eskaintzen ez duen informazio edo bestelako egitarauren eduki eta formetan oinarrituko da.
-
KUDEAKETA KONPAKTATUA. Talde eragile homogeneoa ( IBAIZABAL-MENDEBALDE) eta norabide berean dabilena, elkarlanean eta era eraginkorrean kudeatua.
-
AUTOFINANTZATUA. Tokiko Telebista baten arrakasta askatasun osoz funtzionatzeko jabetasunean datza.
-
KALITATE ETA KANTITATEA. Telebista duina eta kalitatezko programazioa eskainiko ditu.
-
BEHETIK GORA ZUZENDUA. Kalera ateratzen den telebista, errealitate eta gaurkotasunean murgiltzen den telebista. Gizarte eredu baterantz apuntatu beharko du, malgu baina irmoki.
-
DINAMIKO ETA SERIOA. Telebista etengabeko azterketan egongo da, etengabeko autokritika sortzailean, zuzendu behar dena zuzentzeko.
Goian idatzitako puntuetan oinarrituriko telebista sortzeko lan taldeak eratu eta abian daude; zertxobait egiten hasi baina gehiena egiteke dagoelako ezinbestekoa da euskara eta euskal kulturaren aldeko eragile guztien partaidetza.
BILBOALDEKO EUSKARAZKO TELEBISTAREN ERAKETAN PARTE HARTU NAHI BADUZU LAGUNTZA EKONOMIKOA ERE EZINBESTEKOA DA, BIDE HORRETAN LAGUNTZEKO MODU BAT HONAKOA DA:
BBK-20950000709107983492
ESKERRIK ASKO!
Harreman bideak:
615705852 telefono zenbakia